Boluntariotza

Partaidetza sozialerako bide bat da boluntariotza: boluntarioek beren denbora, ezagutzak, esperientzia, gaitasunak eta lana eskaintzen dituzte, ekintza solidario bat egiteko, ordainsaririk jaso gabe. Irabazi-asmorik gabeko gizarte-erakunde batekin lankidetzan aritzeko aukera pertsonal, aske eta altruista bat da.

Denok dugu zer eskaini, gure ahalmenen, gure motibazioen eta  egoera pertsonalaren arabera. Beti aurkituko dugu gure leku eta zeregina.

Boluntariotzaren ezaugarriak

  • Aukera libre bat da: Boluntarioek interes sozialeko ekintzak egiteko konpromisoa hartzen dute, askatasunez eta beren ekimenez, norberaren probetxurako ezer lortzeko asmorik gabe.
  • Altruista da: Boluntarioek dohainik eskaintzen dute beren denbora eta ezagutzak, norberaren probetxurako ezer lortzeko asmorik gabe eta ordainsaririk edo aintzatespenik espero gabe. Boluntarioek boluntario izatea erabakitzen dute lagun hurkoarekin partekatzen dituzten interesak gogoan izanik eta beren ekintzen bidez komunitateari laguntzeko asmoz.
  • Antolatuta dago: Boluntariotza irabazi-asmorik gabeko erakundeen barruan (elkarteetan, fundazioetan…) egin daiteke soilik, inoiz ez irabazi-asmoa duten enpresatan. Erakunde publikoetan egiten diren ekintzak ere ez dira boluntariotza-ekintzatzat hartzen EAEn.
  • Konpromiso egonkorra eskatzen du: Denboran zehar luzatzen den ekintza iraunkor bat da, boluntarioak programa edo proiektu zehatz batek irauten duen bitartean parte hartu beharko baitu. Ekintza bat egiteko denbora eskaintzeko konpromisoa hartzen da, beraz, ezinbestekoa da konpromiso hori denboran zehar betetzea.
  • Interes sozialeko jarduerei lotuta dago: Boluntariotzak gizartearen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen du, egoera sozial kaskarrean dauden pertsonen eta taldeen interesak defendatzen ditu, premia sozialak asetzen laguntzen du eta gauzak hobetzeko proposamen ausart eta irudimentsuak aurkezten ditu.

Boluntariotza egiteko baldintzak

– 16 urtetik gorakoa izatea.

– Jarrera positiboa izatea.

– Denbora librea izatea.

– Jarduerarekin konprometitzea.

– Ikasteko prest egotea.

– Zure trebetasunak eta ezagutzak emateko gogoa izatea.