Boluntariotza Garapen Jasangarrirako 17. Helburuaren (GJH) baitan dago: «Helburuak lortzeko Itunak”, hau da, Garapen Jasangarrirako Mundu Ituna ezartzeko bitartekoak sendotzea eta Itun hori suspertzea. Helburu horren barnean, aintzat hartzen da boluntariotza modu garrantzitsua dela herritarren parte-hartzea eta sektoreen arteko elkarlana sendotzeko, garapen jasangarrirako helburuak lortze aldera. Boluntariotza, gainera, funtsezko tresnatzat jotzen da gizarteratzea, kohesioa eta kulturen arteko elkarrizketa sustatzeko, eta horrek garapen jasangarrirako beste helburu batzuk lortzen laguntzen du.
Boluntariotza GJH batzuetan koka daiteke, 17. GJHn kokatzeaz gain, haren ekarpena garrantzitsua izan baitaiteke beste helburu batzuk lortzeko. Ondoren, adibide batzuk daude zehaztuta:
1. GJH: Pobreziaren amaiera. Boluntariotza lagungarria izan daiteke pobreziari ekiteko, pobrezian dauden pertsona eta komunitateendako laguntza eta baliabideak ematen dituzten proiektuak lantzen direlako.
3. GJH: Osasuna eta ongizatea. 3. GJHren xedea da bizitza osasungarria bermatzea eta guztiendako ongizatea sustatzea adin guztietan. Boluntariotzak eginkizun garrantzitsua bete dezake pertsonen, komunitateen eta, oro har, gizarteen osasuna eta ongizatea bultzatzeko.
4. GJH: Kalitatezko hezkuntza. Boluntariotzak eginkizun garrantzitsua bete dezake hezkuntza kalitatezkoa izan dadin pertsona guztientzat; bereziki, hezkuntzan sartzeko oztopoei aurre egiten dietenentzat. GJH honek hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatzea du xede pertsona guztientzat, eta hori boluntarioen lanak susta dezake.
5. GJH: Genero berdintasuna. Boluntariotzak genero berdintasuna sustatzen lagundu dezake, emakumeen eta neskatoen heziketa, ahalduntzea eta parte-hartzea sustatzen dituzten proiektuak lantzen dituelako.
8. GJH: Lan duina eta hazkunde ekonomikoa. Boluntariotzak lan oztopoei aurre egiten dieten pertsonen enplegagarritasuna eta laneratzea hobetzen lagundu dezake, eta ekintzailetza eta berrikuntza sustatzen komunitateetan.
11. GJH: Hiriak eta komunitate jasangarriak. Boluntariotzak jasangarritasuna, inklusioa eta erresilientzia sustatzen dituzten hiri-garapeneko eta garapen komunitarioko proiektuak bultza ditzake.
16. GJH: Bakea, justizia eta erakunde sendoak. Boluntariotzak gizarte baketsuak eta inklusiboak eraikitzen lagundu dezake, justizia, berdintasuna eta pertsona guztiendako giza eskubideak sustatzen dituzten proiektuak lantzean.