Gaur, abenduak 5, Boluntariotzaren Nazioarteko Egunean, boluntarioek gure gizartean duten eragin eraldatzailea ospatzen dugu. Aurten, bereziki nabarmendu da Valentzian eragin larria izan zuen DANAn. Herritarren ekimenek, zuzeneko babesa emateaz gain, bat egin zuten larrialdi une batean.
Aurkeztutako azken ikerketak (“Boluntariotza eta EAEn parte hartzeko beste modu batzuk 2023”) erakusten duenez, EAEko biztanleriaren % 17k boluntariotzan jardun du 2023an, hau da, 320.872 pertsonak parte hartu dute gutxi gorabehera, eta igoera nabarmena izan da 2017an erregistratutako % 13,4arekiko. Hazkunde horrek agerian uzten du boluntariotza gizarte solidarioa eta erresilientea eraikitzeko funtsezko zutabea dela.
DANA bezalako egoera kritikoetan, boluntarioak erabakigarriak izan dira. Txostenaren arabera, biztanleriaren % 22,3 prest egongo litzateke jarduera solidarioetan parte hartzeko, “boluntario potentzial” gisa identifikatuta. Kolektibo hori funtsezkoa da larrialdiei erantzuteko eta laguntza komunitarioko sareak indartzeko.
Ekintza eraldatzailea eta beharrezkoa
Boluntariotzak ez die larrialdiei bakarrik erantzuten, gure gizartearen egunerokoan ere eragin positiboa du.
Batekin-en uste dugu boluntarioen konpromisoa une zailetan laguntzeaz gain, egunero gizarte inklusiboagoa eta bidezkoagoa eraikitzen duen herritar aktiboen isla dela. Valentzian DANAri emandako erantzunak erakusten du bat egiten dugunean indartsuagoak garela edozein erronkaren aurrean.
Abenduaren 5ean, ekintza boluntarioaren mugimendu solidarioa ospatzera eta horrekin bat egitera animatzen zaituztegu. Keinu bakoitzak balio duelako, eta elkartasunaren ehunean, guztiok gara funtsezkoak. Guztiok dugu zerbait emateko, gure gaitasunen, motibazioen eta inguruabar pertsonalen arabera. Beti aurkituko dugu gure lekua, gure zeregina.
Batekinen, joan den ostegunean, azaroak 28, hasi genituen ospakizun-ekitaldiak, EHUko Elkarteen Erakusleihoarekin, eta gaur, zozketa solidario bat egingo dugu.
Azkenik…
Amnistia Internazional Euskadi, AFARABA, ASAFES, ASPANAFOA eta Talur bezalako erakundeetan egingo diren esker oneko ekintzen laburpen bat uzten dizuegu.